Iñigo Artieta

XV. mendeko pertsonai historiko lekeitiarra. Itsasgizona, militarra, armadorea eta merkataria. Lekeitioko merkatari-familia aberats batekoa, Arteyta bezala ere ezagutua.
XV. mendeko 70. hamarkadan Gaztela eta Portugalen arteko gatazketan parte hartu zuen bere jabetzako ontziekin. Gineako posesioek zuten zerikusia batzuetan gatazka horietan eta, besteetan, Gaztelako tronuaren oinordetzak. Gaztelako Koroak ez zizkion ordaindu espedizio horietako baten itzulera-gastuak.
1477tik 1498ra bitarteko urteetan haren itsasontziek Mediterraneoa zuten lan-jardun lekutzat. Itsasontzi horien bidez Penintsula Iberiarra eta Balear Irlak lotuta geratu ziren merkataritza arloan, baita Balear Irlak eta Penintsula Italiarra eta Sicilia ere.
Mediterraneoko bidaia horietan kortsario modura aritu zen eta itsasontzien harrapatze batzuk egin zituen. Erdi Aroan kortsario deitzen zieten Erregek emandako baimenaren bidez Gaztelako Koroaren etsaiak ziren herrialdetako itsasontziak pertsegitu eta harrapatzen zituzten merkatal itsasontziei.
1482an, Iñigo Artieta Genoako merkatarien oihalak kargatzen ari zela Palermoko portuan, Luis de Pexo-k eraso egin eta transakzioa galarazten ahalegindu zen, genoarrak Gaztelako Koroaren etsaiak zirelako aitzakiapean. Borrokan Artieta Pexoren itsasontziaz jabetu zen. Baina auzitara eraman eta Luis de Pexo 1.000 dukatez ordaintzera zigortu zuten. Lekeitioko itsasontzien armadoreek irabazien %1 ordaintzen zioten Lekeitioko Santa Maria elizari. Harrapatze horren bidez lortutakoagatik 5 dukat eman zion Artietak Santa Maria elizari.
1487an Napoliko erregearen itsasontzi bat Otrantoko portuan asaldatu eta haren merkantziak lapurtzea leporatu zioten Errege Katolikok. Harrapatzea ez zela Otranton izan, Tarentoko kostan baizik, eta itsasontzia Cide Amed mairu alexandriarrena zela defendatu zen Artieta. Erregek atxilotzea agindu zuten, eta haren ondasun guztiak bahitzea. Baina Artieta ez zuten aurkitu; eta Santa Maria elizako sarrera nagusiaren aurrean zuen dorreko ondasun guztien inbentarioa egin zuten, baita haren itsasontzi batena ere. Guztiak bahituta geratu ziren Lekeitioko hiribilduko Kontzejuaren eskutan. Harrapatze honen bidez lortutako irabaziengatik Iñigo Artietak 53 dukat sartu zituen Santa Maria elizaren izenean.
Erregek pribilegioak ematen zizkieten 600 tona-zama baino handiagoko itsasontziak eraikitzen zituzten armadoreei. Hargatik, 1491n, Iñigo Artietari ez kobratzea inolako zergarik agindu zuten Laidan eraikitzen ari zen itsasontziagatik. 1503an ere Erregeren beste laguntza bat jaso zuen Lekeition eraikitzen ari zen 900 tona-zamako beste itsasontzi bategatik. Errege Katolikok horrelako laguntzak ematen zizkieten armadoreei, itsasontziak haien esku utz ditzaten armadaren bat osatzeko premia zutenean.
Colon Portugaleko lurretan porturatu zen kontinente berria aurkitu zueneko itzulerako bidaian. Portugaleko Joan II.a erregeak aurkikuntzaren berri izan zuenean, armada bat prestatzeko agindua eman zuen kontinente berrira abiatzeko. Errege portugaldarraren agindu horri aurre egiteko asmoz Errege Katolikok Vizcaya izeneko armada antolatzen hasi ziren, Colonen kontinente berrirako bigarren bidaian irtengo zen flota indartzeko eta babesteko.
Iñigo Artietak parte hartze aktiboa izan zuen armada horren antolaketa-lanetan, armadako Kapitain Orokorra izendatzerainokoa. Haren misio nagusia zen Gaztelako itsasontziak babestea, bai Gibraltarreko itsasartean zein Atlantikoko kostaldetan ere. Armada 1493ko uztailean atera zen Bermeotik eta Portugaletetik. Iñigo Artietaren carraca batez (neurri handiko karga-itsasontzia), ontzi handi batez, ontzi ertain biz eta ontzi txiki batez osatua zegoen. Ontzi horiei karabela txiki bat gehitu zitzaien, Iñigo Artieta berak emana, carracari laguntzeko. Honek 1.000 tonako zama-tasa zuen, eta 350 gizonez osaturiko tripulazioa, baita artilleriako 100 pieza ere.
Vizcaya armadak itsasontzi portugaldarren kontrako hainbat pertsekuzio burutu zituen Gibraltarreko itsasartean, Espainiako eta Portugaleko erregeek ozeanoa banatzeko eta Afrikako mugak zehazteko negoziazioetan zebiltzan bitartean.
Azkenean Errege Katolikok erabaki zuten Vizcaya armada ez bidaltzea Colonen kontinente berrirako bigarren bidaian. 1493ko urriaren 3an armada Adra-ra (Almeria) abiatu zen, Boabdil erregea eta haren mendekoak Afrikara garraiatzeko; eta 1494ko otsailaren 23an berriro ziren bueltan Cadizen. Guztira 6.320 pertsona garraiatu zituzten.
1494ko ekainean armada itsasartean zegoen, pasatzen ziren itsasontziak asaltatzen zituela. Gertaera horiek ekarri zuten Koroak neurriak hartzea, eta agindu ere, agindu zuten tripulazioa Cadizen egotea eta itsasontzi portugaldarrak errespetatzea.
Portugalekin bakea izenpetu ondoren, Vizcaya armada erretiratzea erabaki zuten. Baina Sicilia eta Napoliren kontrako eraso turkiarrek neurri hori haustea aholkatu zuten. Sicilia armadari lotuta geratu zen; eta horiekin batera, Gaeta-ren blokeoan parte hartu zuen, bien artean lortu zutelarik etsaiek janaririk ez jasotzea itsasoz.
Errege Katolikok bizitza osoko errenta eman zioten Iñigo Artietari. Errentarekin lau gizonen soldata ordaintzen zuen, eta horiek ziren haren izenean borrokatzen zutenak erregek armetara deitzen zutenean.
1503an Lekeitioko dominika mojekin kontratu bat izenpetu zuen. Kontratu horren bidez, dominiken esku utzi zuen Errege Katolikoren eskutik urtero jasotzen zuen 8.600 marabedien errenta. Horietatik 6.000 marabedi kapilautza batera zuzendu zituen, egunero meza eman zezaten haren arimaren alde. Gainerako 2.600, kapila bat eraikitzen erabili zuten, bera eta bere oinordekoak han lurperatzeko. Hil zenean, 1510 eta 1512 urte bitartean, kapila horretan lurperatu zuten.

Iñaki Madariaga Valle