Bergara kalea 2ko Santa Katalinaren irudia


2003an, Lekeitioko Bergara kaleko 2 zenbakiko bizilagunek, Maguregi dorreko bizilagunek, dorrearen orman jarrita zegoen Santa Katalinaren irudia berreskuratzeko interesa agertu zuten. 2003ko udan bere lekutik jaitsi zen irudia teknikariek bere egoera aztertu zezaten eta zein materialekin eginda zegoen jakiteko. Bere lekutik jaiki ondoren ikusi zuten alabastrozko irudia zela eta egoera oso txarrean zegoela. Hau dela eta, udaleko artxiboan gordetzea erabaki zen, berarekin zer egin behar zen erabaki arte.

Irudi hau Maguregi dorreko bizilagunen jabetzakoa da. Honen kidea eta ordezkaria den Jose Mari Zugadi hainbat lekutara joan eta deitu zuen irudiari buruzko informazioa lortzeko eta ondoren ezagutzera eman zuen arlo honetako erakundetan, berreskuratzeko laguntza lortu nahirik. Horrela, bere bitartez, interesatu ziren Bilboko Eliz Museoko teknikariak irudiaren egoeraz.
2004ko abuztuan, irudia, Bilboko Eliz Museora eraman zen, bertako teknikaria den María Urrutikoetxeak berreskuratze lanak hasi zituen, eta 2006an jadanik zaharberrituta zegoen Santa Katalinaren irudia.
Bilboko Eliz Museoak Santa Katalinaren irudia zaharberritzearekin batera poliesterrezko kopia bi egin zituen, bat Maguregi dorreko orman jartzeko, irudi originala egon zen leku berean, eta bestea Bilboko Eliz Museoa prestatzen dagoen Goiko Berantiar garaiko, 1475-1525, eskultura erakusketan egongo da.
Maguregi dorreko bizilagunek Lekeitioko herriari eman zioten Santa Katalinaren irudi originala; Udalak Santa Maria Jasokundeko elizari utzi zion irudia, eta bertan dago ikusgai Santa Anaren kaperan.

2006ko azaroaren 19a, Lekeitioko Kultur.etxean, Santa Katalinaren irudiaren zaharberritzeari buruzko hitzaldi bat eman zuten Bilboko Eliz Museoko teknikariak diren Juan Manuel González Cembellín, Jesús Muñiz Petralanda eta María Urrutikoetxea jaun-andreak, irudi originala eta kopia bat aurkeztatuz.
Santa Katalinaren irudia XV. mendeko alabastrozko eskultura bat da (1420-1460). Irudia egiteko harria Britainia Handiko alabastro harrobi batetik atera zen.
Irudiari denboran zehar jarri zitzaizkion pintura ezberdinen kopuruaren ondorioz 3 milimetroko pintura geruza bat zuen gainean. Zaharberritu ondoren ikusi daiteken pintura geruza 1600 urtekoa da gutxi gorabehera.
Poliesterrezko kopia biei eman zitzaizkien koloreak, XV. mendean (1420-1460), irudia egin zenean eman zitzaizkion koloreen antzekoak dira.

Santa Katalinaren irudi honekin bost dira Lekeition aztertu dituzten alabastrozko irudiak, beste laurak hauek dira: Trinidade kalean zegoen Trinidadea; Andra Mari Jasokundeko elizako ate nagusian dagoen Trinidadea; bilduma pribatuko bi irudi duen eskultura, bat San Gabriel Arcangel eta bestea koroa duen irudi ezezaguna niretzat; eta bilduma pribatuko Bergara kaleko 16 zenbakiaren orman egondako Jasokundea agertzen duen plaka bat.

Bergara kaleko bizilagun zaharrak diotenez eta liburu batzuetan agertzen denez, Santa Katalinaren irudi hau Lekeitioko Sta. Katalina baselizako jabetzakoa izandakoa da.
Berri honen arabera 1920an, Sta. Katalina baselizaren eta Maguregi dorrearen jabea zen Santiago Bandaormaetxeak agindu zuen irudi hau baselizatik Maguregi dorrera aldatzea.
1626an, Santiago Bandaormaetxeak, Ramón Ibarra Lopez de Calleri saldu zion Sta. Katalinaren baseliza eta baserria berari dagozkion lurrekin.

Iñaki MADARIAGA VALLE