Lekeitio. Elizatetik hiribildura


Hiribildua fundatu aurretik

Lekeitio, 1325ean hiribildu bihurtu baino lehen, elizate bezala sortuta zegoen jadanik. Legeriari dagokionez, bere lurraldea, Lur Lauan kokatuta zegoen eta Bizkaiko Foruaren bidez gobernatzen zen. Eliza bat zuen, zeineri, jabetza pribatukoa zenez (zaldun-oinordekoena), monasterio deitzen zitzaion. Eliza hau, egile ezezaguneko deskribapen baten arabera, 1289an fundatuta zegoen. Elizaren jabetza zuenari patroia edo nagusia deitzen zitzaion.
 Goiz Erdi Aroan erabilitako monasterio hitzaren esanahiak populazio bat adierazten du. Populazioa mugarritutako barruti batez eratuta zegoen eta lurraldea eta beren baliabideak ustiatzen zituzten eliztarrez osaturik, nondik hamarrena deritzon errenta sortzen zen. Honela, monasterioa, lurraldearen antolakuntza administratibo eta zibilerako modu bat bihurtu zen. Hau dela eta, hiribilduen sorkuntza garaian, Bizkaiko lurraldea monasterioz antolatuta zegoen, zeinetara lurrak, ondasunak eta hamarrentzen zuten etxeak zeuden erantsita. Sasoi horretako monasterio eta eliz guztiek, beren eskumeneko nekazarien eta arrantzaleen hamarrena biltzen zuten.
Eliza edo monasterio batetara ez zegoen erantsita lurraldea bakarrik, bertan bizi ziren eliztarrak ere elizara lotuta zeuden han ordaintzen zuten hamarrenaren bidez. Era honetara biztanle hauek parrokia bat osatzen zuten, non, sakramentuak, eliza-otoitzak eta hamarrenaren ordainketa eliza berean partekatuz, espiritu-talde (sendi espiritual) kontzientzia hartu zuten, honela eliza nortasun kolektiboaren erreferente bihurtuz.
Lekeitioko monasterioa Adán de Yarza eta Arteaga leinuen jabetzakoa zen. Ez dakigu leinu hauek nola lortu zuten monasterioaren jabetza, baina garai hartan ondoko modu hauek erabiltzen ziren:

a) Fundazio bidez. Leinuak bere kabuz, bere lurretan edo leinuaren lurretatik hurbil, monasterio bat eraikiz. Fundazioa egin zuen leinuaren oinordekoa izanez.
b) Sari gisa. Gaztelako erregeak sari gisa emanez monasterioa, leinuak erregeari gudetan emandako laguntzaren ordainez.
c) Gomendio bidez. Arrantzale edo nekazari auzoteri batek eraikitako monasterio bat jauntxo bati utziz babesaren truke.
d) Indarraren bidez. Leinuak, auzoteri batek eraikitako monasterioa indarrez hartuz.
e) Usurpatze bidez. Leinuak, erregeak sari gisa edo auzoteri batek gomendio bidez emandako monasterio baten hamarrena betirako bereganatuz.
f) Erosketa edo truke bidez. Bere sasoian fundazioa egin zuen leinuaren oinordekoari erosiz edo trukatuz.   

Lekeitioren kasuan beharbada monasterioa leinu bien artean eraikitakoa izango zen, leinu biak mugaz arerioak baitziren, besteak beste, beren menpean zeuden lurraldeak bata bestearen alboan zituztelako hain zuzen ere. Honela, monasterioak batzen zituzten hamarrenaren bidez, leinu bien inguruko lurraldearen hamarrena banatzen zuten.
Arteagako leinuaren menpean zeuden lurraldeak Arteaga, Forua, Mundaka, Pedernales, Arratzu, Gabika, Ea, Natxitua, Murelaga, Nabarniz, Etxano, Gorozica, Kanala, Akorda eta Gamiz elizateak hartzen zituen bere baitan. 1325etik aurrera Ibarrangelu eta Arbatzegi ere bere menpean izango ziren.
Yarzatar leinuak Mendexak Berriatuarekin zuen mugatik Eako elizatera arte zabaltzen zuen bere kontrolpean zen lurraldea. Inguru honen baitan Lekeitioko hiribildua eta Mendexa, Amoroto, Gizaburuaga, Ispaster, Bedarona, Ereño, Ea, Natxitua eta Akordako elizateak izanez. 1325etik aurrera Ibarrangelu eta Arbatzegi ere bere menpean izango ziren Arteagako leinuarekin erdibana.
Adán de Yarza leinuak Lekeition du bere jatorria, Yarza dorrea bere oinetxea izanik 1289a baino lehenagotik. Dorre hau gaur egun Marina tabernaren eraikina dagoen lurrean kokatuta zegoen.
Bi leinu hauek sarri-askotan aurre eman eta borrokatu ziren beraien artean Ereño eta Ibarrengelu elizateen arteko lurraldearen kontrola zela eta. Hau dena ikusirik ondorioztatu dezakegu, Lekeitioko Santa María monasterioaren jabetza bi leinu hauena izateak, mugaz arerioak ziren bi leinuen boterearen banatze mota bat izango zela segur aski.
Yarzatarrek, bere kontrolpeko lurraldearen beste mugan, Mendexa aldetik, Berriatuako Aranzibia leinua zuten arerio.
Monasterioetako patroiek (zaldun-oinordekoek), honetan biltzen ziren hamarrenarekin geratzeaz gainera, lehentasun eskubidea zuten beren monasterioetan, zeinetaz baliatzen ziren jabetza eskubidea gauzatzeko:

a) Abadeak aukeratzeko eskubidea. Honen bitartez eliza-otoitzak egiteko behar ziren abadeak aukeratzen zituzten, kargu honetarako beren sendiko abadeen artean aukeratuz.
b) Prozesioetan lehenengo joateko eskubidea.
c) Abadeak monasterioaren atean itxaron behar zion patroiari meza hasi aurretik.
d) Mezan egiten ziren eskaintzetan, ur bedeinkatua, kandelak, ogia edo intsentsua eskaintzerakoan, beste pertsona guztiei aurrea hartzeko eskubidea.
e) Esertzeko lehentasuna. Patroiak bere eserleku berezia zuen monasterioaren aldare nagusiaren aurrean, lehenengo lerroan.
f) Hilobia elizaren leku berezian izateko eskubidea, gehienetan aldare nagusian edo honetatik hurbil, eta beste eliztarren hilobiak baino nabarmenagoa.
g) Monasterioan bere leinuaren armarria jartzeko eskubidea, aldare nagusian, atarian, arkuetan etab.

Lekeitioko hiribildua fundatu aurretik, Adán de Yarza leinuaren Yarza edo Hondarza deritzen dorrea izateaz gainera, iturri-dokumentalen arabera, baziren ere zaldun-familia ospetsuen ondoko dorre hauek: “Zareca, Urquiça, Arteyta, Guçurmendia, Hormaegi, las dos torres de Uriarte, las dos de Licona, las de Portupin y torre de Polaver.” Yarzatarren dorrea gaur egun Marina tabernaren eraikina dagoen lurrean kokatuta zegoen.


 Jauntxoen monasterioa lekeitiarrentzat

Bizkaiko Andrea izan zen María Díaz de Harok, Lekeitioko hiribilduaren fundazioa gauzatzeko, bere jabetzako eliza bat behar zuen herri honen barruan, hiribildua fundatzeko sasoian lekeitiarrei emateko eliza horren jabetza. Horretarako monasterio trukaketa bat egin zuten. Adán de Yarza eta Arteaga leinuena zen Santa Maríaren monasterioa Bizkaiko Andrearen jabetzakoa izatera pasatu zen. Ordainetan, Adán de Yarza eta Arteaga leinukoek, Ibarrangeluko y Arbatzegiko monasterioen jabetza eskuratu zuten.

Lekeitioko hiribilduaren fundazioarekin batera, Bizkaiko Andreak, Mendexa, Ispaster, Bedarona, Gizaburuaga eta Amoroto elizateen lurraldearen gaineko eskumena eman zion Lekeitioko kontseiluari. Handik aurrera, elizate horretako eliztarrak, Santa María monasterioarekin bat egin ziren, eta bertan ematen zituzten beren hamarrenak.
Fundazioaz geroztik, Santa Maria monasterioaren patronatua, hiribilduko kontseiluaren eskuetan geratu zen. Beren eliztarrek ematen zituzten hamarrenetatik bi heren hiribilduarentzat ziren eta gainerako herena Bizkaiko Andrearentzat.
XIV. mendean, Probestu lanbidea eta Bizkaiko Andreak zuen Santa María monasterioaren hamarrenaren herena, Adán de Yarza leinuari eman zizkion Gaztelako erregeak sari gisa.

Harresiaren funtzioa eta egitura-aldaketak
Lekeitioko hiribildua María Díaz de Haro Bizkaiko Andreak fundatu zuenean, 1325ean, hesi batez inguraturik zegoen jadanik, zurezko hesia izango zen segur aski.
Harresia hainbat funtzio betetzeko eraiki zen. Lehengoa, hirigunea inguruko jauntxoek zuten talde armatu txikiengandik babestea zen. Bestalde, harresiak gizarteari zein legeriari dagokionez oso bestelakoak ziren eremu bi bereizten zituen: hiria, non Logroñoko Forua ezarrita zegoen, eta inguruko baserri-mundua, zeini, harresiz inguraturik ez zegoenez, Lur Laua deitzen zitzaion eta non Bizkaiko Forua ezarrita zegoen.
Harresiaren arlo ekonomikoari begira, Bizkaiko Jauna zen hiribilduak sortzeko interesatuena, hau da, Lekeitioko hiribilduaren kasuan, inguruko Lur Lauan sakabanatuta zeuden artisauak harresiak ematen zuen ziurtasunera etorriko ziren, lanbide berriak sortuko ziren eta salgaien sarrera-irteeraren kontrol zehatzagoa egiteko aukera izango zuten. Guzti honek, zergen bidez, diru sarrera handia suposatzen zuen Bizkaiko Jaunarentzat. Diru sarrera honi gehitzen badiogu, Bizkaiko Jaunak, lurreko eta itsasoko ekoizpenari jartzen zion atxikipen fiskala, hamarrena lurrerako eta hamabostena itsasorako, negozio bikaina zen hiribildu bat sortzea.
Lekeitioko kasuan, fundazioarekin batera, María Díaz de Haro Andreak, Lekeitioko kontseiluari eman zizkion Santa Maríaren eliza eta honek batzen zituen hamarrenaren bi heren. Horrekin Lekeitioko herriak ekonomia askatasun handia lortuz.
Bestalde, Lekeitiok, beste berezitasun bat zuen Bizkaiko Andreak bertan hiribildu bat sortu nahi izateko, portua. Txikia zen, baina merkataritzarako kokapen estrategikoa zuen eta laster hasi ziren kaiaren handitze lanak. Lekeitioko portutik irteten zen Gaztelako artilea Flandeserako eta ardoa eta burdinoletako emaitzak Erresuma Baturako. Mediterraneo itsasoan ere bazebiltzan lekeitiar itsas merkatariak, Marseilla, Genoa, Korsika eta Bartzelona artean salgaiak garraiatzen.
  Fundazioaren aurreko hiribildua gaur egungo Santo Domingo (Kanpillo), Gerrikabeitia, Dendari (Gerrikabeitia kalearekin duen bidegurutzetik Gamarra kalera arte) Gamarra eta Abaroa kaleak osatuko zuten eta, egun ikusi ditzakegun harresiaren hondakinen arabera, sasoi hartan hesiak hiru atari izango zituen: Elexatea, Gamarra eta beste bat Gerrikabeitia eta Dendari kaleen bidegurutzean; Andra Mariaren eliza zaharra ere bere barnean zuela.
Urterik zehaztu ezin dugula, baina fundazio-karta eman ondoren, harresiz kanpo zeuden Dendari eta Beheko kaleak, beren inguruko kale txikiekin batera, harresi berri batekin lotu zituzten ordura arte Kanpillo ingurua eta Gerrikabeitia, Gamarra eta Abaroa kaleek osatzen zuten auzunera. Horrela, Gerrikabeitia eta Dendari kaleen bidegurutzean zegoen ataria bota egingo zuten, harresi zati berrian Ateako ataria eraikiz.
1325eko fundazioaren aurreko herri zahar haren itxura nolakoa zen ziur jakiterik ez badaukagu ere, badakigu handik aurrera sortu zen herri berriak badiaren beste aldea aukeratu zuela kokatzeko, gaur egungo Arranegi kalearen ezker eta eskuin aldeko lurrak, eta sei kale sortu ziren porturako aldapa makurrean: Apallua, Uribarria (egungo Azpiri), Intxaurrondo, La Pedrera (egungo Bergara), Atxabal eta Zaldunkale (egungo Narea).
1334ean, Bizkaiko Jauna zen Alfonso XI.ak, María Díaz de Harok emandako fundazio-karta berretsi zuen eta Arranegiko auzune berria harresi batez inguratzeko agindua eman zuen.
Horrela, 1334an eraikitzen hasitako harresiarekin, Lekeitioko hiribilduak harresiz inguratutako bi auzune izango zituen:

1) Zaharra: Kanpillo ingurua, Dendari, Beheko, Gerrikabeitia eta Abaroa kaleak osatzen zutena.
2) Berria: Arranegi, Apallua, Uribarria, Intxaurrondo, La Pedrera, Trinidade, Igualdegi eta Atxabal kaleez osatutakoa; Zaldunkale (egungo Narea) oraindik harresiaren kanpo zegoelarik, Arranegiko auzuneko errebalean. Harresi berri honek, hasiera batean, hiru atari izango zituen: Gamarra ingurukoa, Apallua kalekoa eta Atxabal kalearen ondokoa.

1490ean hiribilduak beste aldaketa bat izan zuen, auzotarrek, Bizkaiko eta Gipuzkoako zenbait hiribildutan izan ziren suteek kezkatuta, Koroari hiribildu berria, Arranegikoa, bitan zatituko zuen harresi bat eraikitzeko baimena eskatu zioten. Suaren kontrako horma hau Uribarria (egungo Azpiri) eta Intxaurrondo kaleen bitarteko estoldan eraiki zen. Horma honetan bi atari egin zituzten, bata Trinidadekoa, gaur egungo izen bereko kalean zegoena, eta bestea San Nicolás Tolentino edo Piperren Portalea zeritzana Arranegian. Sasoi honetarako Andra Mariaren eliza berriaren eraikuntza bukaturik zegoen.
1504an hiribilduko auzune biak, zaharra eta berria, inguratuko zuen harresiaren eraikuntza hasita zegoen. Urte horretan udal batzak memoriala aurkeztu zion Bizkaiko korrejidoreari, diru batze berezi bat egiteko baimena eskatuz, eraikitzen hasita zegoen harresia bukatzeko balioko zuena. Horrela, hiribilduaren fundaziotik bi menderen buruan, Lekeitio osatzen zuten alde guztiak esparru berean bilduko ziren.
Hirugarren harresi hau eraikitzeko aurrekoen trazaduraren zati batzuetaz baliatu ziren, handitu eta elkarri lotu zituzten, hiribildu osoa ingura zezan.
Hala bada, Erdi Aroan Lekeitiok bost aldi izan zituen: 1) Fundazio-karta eman aurreko herria, lehenengo harresiak inguraturik zegoena; 2) 1325az gero garatu zen hiribildua, bigarren harresia eraiki zuena; 3) Arranegi, Igualdegi, Trinidade (baita errondako kaleak ere) eta, bereziki, Dendari kaleko inguruetako auzuneak beste harresitxo batek inguraturik; 4) suteen kontrako hormaren eta hiribilduko hirugarren harresiaren eraikuntza; eta 5) harresiaz kanpoko auzuneen garapena.
Harresi berri hau, hasiera batean, etxeetatik urrun samar zegoen, erronda-kale oso zabala sortzen zelarik; erronda-kale hau egungo Igualdegi eta Trinidade kaleek, Narea kalearen ipar-ekialdeko aldeak, Arranegiko Zabalak, Arranegi kaleko itsasertzeak, Guzurmendi plazak, Gamarra kaleak eta San Kristobal plazak osatzen zuten.
XVI. mendetik aurrera, harresi berri honek, sei atari zituen kanpora begira; eta beste bik, XV. mendeko suaren kontrako harresia zeharkatzen zuten. Arku guztiek bere ataria zuten sarrailarekin, eta gauez itxi egiten ziren.
Hiribildu guztietan bezala, Lekeition, etxeak eraiki ziren erronda kaleetan, harresiaren kontra; batzuetan harresian zuloak eginez leihoak jartzeko. XII. mendearen hasieran adibidez Arranegiko Zabaleko ekialdeko etxeak eraiki ziren, eta, herriaren beste aldean, Trinidade kaleko mendebaldeko etxeak, Paskual Abaroa etorbidetik ikus daitezkeenak.
1718ko matxinada sasoian, esaterako, hiribilduak erasoak jasateko zuen arriskuen aurrean, ate berriak egin ziren, zaharrak egoera oso kaskarrean baitzeuden. Horrez gainera, gogor eta sendo eutsi zen Zumaseta ataria, eta kanoiak ipini ziren Atea eta Apallua atarietan.
Harresia eta atarietako arkuak, denboraren eraginez, hondatzen joan ziren; eta konpontze eta mantentze-lanak egiten baziren ere, zaharkituak geratu ziren eta erabiltezinak, hiribilduan mugitzen zen garraioarentzat oztopo bihurtuz. Horregatik eta haien egitekoa ez zelako beharrezkoa, 1829 eta 1888 urteen artean, zoritxarrez, guztiak bota zituzten lurrera, Astilleroko ataria izan ezik, XVIII. mende hasieran bota baitzuten.
Harresiko atariak izen ezberdinez ezagutzen ziren: dela herritarrek erabiltzen zuten izena, dela harresi bakoitzak zuen nitxoan jarritako irudiarena, edo dela besteren bat, kasu batzuetan. Ateako ataritik hasita hauek ziren:

Ateako ataria – Atari Zaharra – Zabaleko ataria – Esperantzaren ataria.- Lurrera bota zen lehena. Ziurrenik nitxo bat zuen, Esperantzaren irudiarekin. Gaur eguneko Dendari kalearen amaieran zegoen, 47 eta 52 zenbakietako eraikinen artean. Kontzejuak, 1829an, lurrera botatzea erabaki zuen, haren egoera arriskutsua zelako oinezkoen joan-etorrietarako eta gurdien pasua oztopatzen zuelako.
Ondoren gaur egungo Paskual Abaroa etorbidean gora zihoan, hurrengo ataria Zumasetakoa zelarik.

Zumasetako ataria – Yturriozeko ataria.- Gaur eguneko Artolaba eta Tortola kaleak batzen diren tokian aurkitzen zen, gaur eguneko Zumatzeta kalearen aurrean. 1884an bota zuten lurrera, Paskual Abaroa etorbidearen eraikuntzaren lehen fasean.
Hemendik gaur eguneko Paskual Abaroa etorbidetik segitzen zuen Apalluako atarira arte.

Apalluako ataria – Piedadearen ataria.- Gaur egun Gallo tabernaren eta Euskadiko Kutxaren artean dagoen kantoia ixten zuen. Nitxo bat zuen Kristo Pietatekoarekin. 1536an Marina de Irlanda auzokoak argia pizten zion gauero. 1832ko azaroan, udalak lurrera botatzea erabaki zuen, guztiz hondatuta zegoelako.
Harresia Apalluako ataritik, oraindik Paskual Abaroa etorbidetik gora, San Pedroren atarira arte zihoan.

Arraneguiko ataria - San Pedroren ataria – Nuestra Señora del Buen Viaje ataria.- Narea kalea 2ko atzeko fatxadaren eta Arranegiko zabala 3ko eraikinaren artean zegoen. Nitxo bat zuen San Pedroren irudiarekin. 1888an bota zuten lurrera. Casto de Zabala arkitektoak egin zuen lurreratzeko proiektua. Arranegiko arkuan zegoen San Pedroren irudia gaur egun dagoen tokian ipini zuten, Kofradia Zaharreko eraikinean.
Ondoren, harresia, itsas ertzetik zihoan Guzurmendiko atarira arte.

Guzurmendiko ataria – Astilleroko ataria.- Atari hau gaur egun udaletxera Arranegi kaletik sartzeko dagoen arkuan zegoen. Handik hondartzara edo ontziolara jaisten zen, non ontziak eraikitzen baitziren. Atari hau XVIII. mendearen hasieran desagertu zen, kontzeju berria eraikitzen hasi baino lehen.
Ondoren, ontzitegitik bereizten zuen orma ez oso garai baten bidez, Arranegiko auzunea eta sasoi hartako eliza lotzen zituen.

Elexateako ataria.- Andra Mariaren elizako dorrearen hegoaldeko fatxadara lotuta zegoen. Gaur egunean ere oraindik ikus daiteke Andra Mariaren elizaren dorrean harresiak utzitako aztarna, beronen arabera harresia bost metrotako garaierakoa eta babesduna zela jakin dezakegu. Hain zen estua eta altua, ezen Parrokiaren eta etxearen artean zegoen plazatxoa erabat iluntzen zuen. Horregatik agindu zen lurreratzea, baita oso zail egiten zelako prozesioetako santuen irudiak bertatik pasatzea.
Hemendik, harresia, Ateako atarira arte zihoan harekin bat eginez.

San Nicolás Tolentinoren ataria - Piperren-portalia.- Barruko edo suaren kontrako harresia zeharkatzen zuen. Arranegi kalean zegoen, Azpiri kalea 2ko atzeko fatxadaren eta Arranegi kalea 6ko eraikinaren artean. Udalak 1832an atari hau lurreratzea erabaki zuen, herriko prozesioetako santuen irudiak pasatzea oztopatu, eta hiribilduko trantsitu handieneko kalea iluntzen zuelako.

Trinidadearen ataria.- Gaur eguneko Trinitate kalean zegoen, 2 eta 9ko eraikinen artean. Suaren kontrako harresia zeharkatzen zuen bigarren ataria zen. Nitxo bat zuen Trinitatearen irudiarekin. 1832 eta 1833 urteen artean lurreratu zen; eta han zegoen irudia hormara lotutako nitxo batean gorde zen. Hortxe iraun zuen 1994ko urtera arte, berritzea erabaki zen urtera arte. Trinitate hau XVI. mendeko alabastro ingeles bat da. Gaur egun jatorrizko irudia, berriztatu ondoren, ikusgai dago Santa Maria elizako Santa Ana kaperan. Haren irudia zegoen tokian erretxinazko kopia bat ipini da.

Gaur egun lau lekutan ikus daitezke harresiaren hondakinak: 1) Trinidade kaleko etxeen atzeko fatxadan, Paskual Abaroa etorbidetik ikus daitezkeenak; 2) Narea eta Kolmenares kaleen bitarteko etxe-sailaren estoldaren behealdean; 3) Hilerriko ate aurretik hasita Dendari kaleraino heltzen dena; eta 4) Suaren kontrako harresia, Azpiri eta Intxaurrondo kaleen bitarteko estoldan.

Iñaki Madariaga Valle


Notak


Caballero divisero: Eran diviseros aquellos hidalgos que por descender del primer señor que hizo hereditaria una benefactoría (solar, título), tenían en ella ciertos derechos hereditarios denominados divisas. La Parroquia en el País Vasco-Cantábrico durante la Baja Edad Media, p.276.
  Divisa: Por divisa se entendía la parte que correspondía a cada copartícipe de la herencia paterna o familiar. Ibidem, p.276.
 Iglesia Propia: Iglesia propiedad de un señor laico, ya sea por ser construida y fundada por dicho señor; por haberla recibido por merced real; por haberse apoderado este de ella por la fuerza; por encomienda o por usurpación. La Parroquia en el País Vasco-Cantábrico durante la Baja Edad Media.
  Patrono laico: Propietario no eclesiástico de un monasterio o iglesia. Se denominó de esta forma a los caballeros diviseros a partir del siglo XIV. 
  Monasterio: Los propietarios laicos, para los cuales sus iglesias eran una propiedad privada, sobre la que las autoridades eclesiásticas no deberían tener jurisdicción alguna, denominaron a sus iglesias monasterios, ya que monasterios y abadías no estaban sujetas a la autoridad episcopal. Ibidem, p. 231-232.
Probestua = Preboste: oficial delegado, teniente del poder del señor de Bizkaia en las villas.
Para hacer cumplir las leyes, y mantener el orden en la jurisdicción de las villas, se había creado la figura del preboste; el cual tenía que mantener un local de su propiedad que hiciese las veces de cárcel, y varios hombres armados como ayudantes. El preboste era un oficial delegado, teniente del poder del señor de Bizkaia. El preboste ejercía funciones policiales al frente de la cárcel y en la ejecución de sentencias, y recaudaba en conceptos como soltura de persona o mandamiento de juez, excarcelamiento en causa civil o criminal, encerramiento que hiciera en la cárcel así como por causa de homicidio.

Bibliografia

-DESCRIPCION SUMARIA DE LA VILLA DE LEQUEITIO 1740. Trascripción y notas de Ángel Rodríguez Herrero. En Estudios Vizcaínos, Año I, nº 2. RSVAP. Bilbao 1970, p. 305-306.
Gonzalo Duo. LEKEITIO EN EL SIGLO XIX Y JOSÉ JAVIER DE URIBARREN (1791-1861). Iruña 1997.
-J.M. Gonzalez Cembellín. LA EVOLUCIÓN URBANA DE LA VILLA. “Lekeitio”.
-B. Bengoetxea, S. Cajigas, I. Pereda. LA VILLA DE LEKEITIO NÚCLEO URBANO DESDE LA ANTIGÜEDAD.
-Jaione Velilla Iriondo. ARQUITECTURA Y URBANISMO EN LEKEITIO – SIGLOS XIV AL XVIII.- Universidad de País Vasco, Serie Tesis Doctorales. 1996, p.90.
-Mª Teresa Urkullu. LA TRINIDAD DE LEKEITIO: Un nuevo alabastro ingles. KOBIE (Serie Bellas Artes), Bilbao 1997.
-Iñaki Madariaga Valle. LEKEITIOKO HARRESIAREN ATARIAKLOS PORTALES DE LA MURALLA DE LA VILLA DE LEKEITIO.

LEKEITIOKO UDAL ARTXIBOA

-Actas 1882.
-Actas 1827.
-Actas 1831-1836.
-Actas 1881-1885.
-Actas 1885-1890.